Iruña eta Tutera, Bilbao, Donostia eta Gasteizko Gotzainek dei egiten dute, “pandemiak eragindako krisi sozial eta ekonomikoaren aurrean familiak babesteko neurriak sustatzera”. Erantsita aurkitu ahal duzue. Eskutitz osoa
Idazkian, gure gizartea eta planeta osoa jasaten ari den oraingo pandemiaren zuzeneko ondorioei aurre egiteko gakoak aztertzen dira banan-banan, Zoriontasunak oinarri harturik eta gauzak kristau-ikuspegitik begiratuz.
Garrantzi bereziko gaiei buruz elkarrekin egin ohi dituzten idazkien formatoa erabiliz, Covid-19aren ondorioz sortutako krisi sanitario, ekonomiko eta sozialari jarri nahi izan diote bereziki arreta. Elizak aldarrikatzen duen mezurik garrantzitsuenetakoa da idazkiak jasotzen duena, eta hori Pazkoaldi honetan datorkigu, hain zuzen: adin eta egoera guztietako gizon-emakumeei itxaropena ematea, alegia, heriotza garaitu zuen Jesu Kristo berpiztuaganako fedearen eraginez, bidelagun baitugu beti, baina batez ere atsekabe-egoeratan.
Irakurterraza den eta 5 ataletan banatutako 48 puntu dituen idazki honetan, hauek dira Gotzainek darabiltzaten gaiak: gaizkiaren misterioak sortutako giza sufrimendua eta arazo honetan gure askatasunak eta erantzukizunak duten zerikusia, sakrifizio edo opari bihurtutako maitasuna, bere atsekabea eta bakardadea onartuz sufritzen duenari kontsolamendua ematea edota pandemia honen aurrean lagun hurkoari egindako zerbitzuan nabarmentzen den errukia. Jesus berpiztuaren bizitzan ageriko diren Maitasunaren eta Itxaropenaren bidez, Iruña eta Tutera, Bilbao, Donostia eta Gasteizko Gotzainek, “Frantzisko Aita Santuaren ildo ebanjelikoaren eta irakaskuntzaren haritik”, zenbait proposamen egiten dute zoriontasunak krisialdi honetan bizitzeko.
Gure izatearen egiazko esanahia aurkitzera animatzen dute, eta bizitza pertsonala, familiarra eta soziala, baita egoera honek auzipean jarri duen eliz bizitza ere, berriro norabide egokian jartzera. Familiaren eginkizuna azpimarratzen dute, familia “izan baita zaindu gaituena eta lagundu diguna”; fededunok familia izan dugu egiaz “etxeko Eliza”; eta ez da ahaztu behar, senitartekoei laguntza ekonomikoa emateko familiek izango duten arazoa; ezta baztertze sozialaren kezka ere, baldin eta babes-neurri bereziak hartzen ez badira laguntzeko. Gotzainek ez dituzte ahazturik utzi nahi izan herrialde behartsuenak, eta nazioarteko kooperaziorako deia egiten dute; era berean, eskerrak ematen dizkiete Euskal Elizbarrutietako Misioak eta Iruñeko eta Tuterako Caritas erakundeei, planetako lurralde pobreenetara “larrialdiko laguntza” bidali izanagatik. Europa bateratu eta eskuzabalaren beharra ere azpimarratzen dute eta dei orokorra egiten diete denei biodibertsitatea zaintzera eta kontsumoari dagokionean arduratsu izatera, “gogoeta sakona eginez bizitzako gure ohiturak eta gure biziera aldatzeari buruz”.
Iruña eta Tutera, Bilbao, Donostia eta Gasteizko Artzainek hainbat eta hainbat pertsonaren eskuzabaltasuna nabarmendu dute, pandemia honen ondorioei aurre egiteko beren hoberena emateagatik; honi buruz, eskerrak ematen dizkiete “itxialdiaren eta arintze-aldiaren une zail honetan soseguz eta itxaropenez jokatzea posible egin duten guztiei”. Aurreikusten den etorkizuneko krisi ekonomiko izugarriaren aurrean, eta guztiz zalantzazkoa den lanbide-egoerari buruz pertsona asko eta askoren kezka dela eta, Gotzainen Idazkiak ohartarazten du, “beharrezkoa dela laguntza eraginkorra eskaintzea sare ekonomiko, enpresarial eta laboralaren alorrean, ondasunak ekoiztu, eta egonkorrak eta kalitatezkoak izango diren lanpostuak sortu eta mantentzeko”. Denok gaude deituak izugarrizko erronka honen aurrean elkarlanean aritzera: erakunde publiko eta pribatuak, zibilak nahiz erlijiosoak, alde batera utziz aurreiritzi ideologiko baztertzaileak. Une egokia da ekonomiaren oinarri diren egiturak aztertzeko, beharrezko diren zuzenketak eginez eta jarduera ekonomikoaren erdigunean beti pertsona jarriz.
Beste hau ere eransten dute: “bizitza duina egin ahal izateko behar adina diru-sarrera lortzea posible ez den bitartean, laguntza eskaini behar zaiela langabezian daudenei, pertsona bereziki ahulei eta baztertuak gelditzeko arriskuan dauden familiei, egoera honi aurre egiten lagunduko dien antolamenduen bidez, hala nola, sarreren bermea Euskadin edota errenta bermatua Nafarroan”, eta hilabete gogor hauetan Elizak duen betebeharra gogoratzen dute. “Kristau-elkarteetako laiko, apaiz, diakono eta pertsona sagaratuek bizirik mantendu dute Jaunaren presentzia eta ahaleginak egiten dituzte fededunei beren beharrizan material nahiz espiritualetan arreta eskaintzeko. Parrokiek eta horietan diharduten Caritasek, beste erakunde eliztar nahiz zibilekin batean, biderkatu egin dituzte beren ahaleginak behartsuenez arduratzeko”; hauek guztiek bat eginik –osasun-langile, poliziako, borondatezko, zerbitzu eta erakunde publiko nahiz pribatuekin batean– “une zailetan bere laguntza ematen digun Jainkoaren maitasunaren etsenplu eta haren errukiaren seinale izan dira”.
Bestalde, Gotzainek hitzak izan dituzte euskal elizbarrutietako eta Nafarroako apaizentzat. “Gure esker ona adierazten diegu denen ahaleginagatik beren eginkizunak era sortzailean mantentzeko gune pastoral desberdinetan, sare sozial, web-orri eta hedabideetan berriak emanez, kristau-sarbideko prozesuak zainduz, Caritas eta beste eliz erakundeen bitartez karitate-zerbitzua eginez, fedea ospatuz”; gogoratzen dute, gainera, “ itxialdi honetan bereziki mingarria gertatu dela eukaristi ospakizunetan fisikoki parte hartzerik ez izatea eta hildakoen alde hileta-ospakizunak egiterik ez izatea, ezta senitartekoei kontsolamendua eta laguntza ematerik ere”. Hori dela eta, iragarri dute, uztailaren 25ean, Santiago Apostoluaren festaburuan, ospatuko direla itxialdiko hilabete hauetan hil direnen aldeko hiletak.
Labur esanda, dei egiten diete Gotzainek fededunei itxaropen-sortzaile izatera une historiko honetan, lehenago ere Historian zehar egin izan den antzera; bakoitzak duen onena emateko gai izan gaitezela, lagun hurkoarenganako, batez ere baztergarrienenganako, maitasunez eta zerbitzu-jarreraz, bidelagun dugun eta inoiz alde batera uzten ez gaituen Jainkoagan konfiantza jarrita, eta Mariarengan geure itxaropen sendoa dugula.