Dejarnos conducir por él

Berak gida gaitzala

Gotzain Jaunaren Pastoral Idazkia

2011-2016  Pastoral Egitarauari  Hitzaurrea

1.- GURE PASTORAL EGITASMOAREN ESPARRUA

Elizak Ebanjelizazio Berrirako egiten duen presazko deialditik sortzen da edozein “Pastoral Egitasmo”, eta Kristok bere ikasleak Ebanjelioa hots egitera herri guztietara bidali zituen hartan du jatorria. “Eliza, izan, ebanjelizatzeko da. Hori da Elizaren ezaugarririk sakonena[1].

Baina, ebanjelioa hots egiteko deia ez dago ez testuingurutik kanpo, ezta gure ingurune eta egoeretatik deserrotua ere. Gure zeregin hori garai eta leku jakin batean gauzatzen dugu; hau da, Eliz bizitzaren grazia bereziko aldi batean murgildurik, eta gure aurrekoek ureztatu eta ongarritutako eremu batean.

Gure Donostiako Elizbarrutia Bosturteko (2011-2016) Pastoral Egitasmo berriaren bidean abiatzera doa; eta abiapuntu honetan, Eliza Unibertsala bi urteurrenen prestaketan hastera doa, hain zuzen ere, gure Pastoral Egitasmoarentzat esparru egoki izan daitezkeenak:

Batetik, Eliza Katolikoak Vatikano II.a Kontzilioa hasi zeneko (1962) 50. urteurrena ospatzen du. Eta hori abagune paregabea da, Eliza Katolikoren azken Kontzilio Unibertsalean aldarrikatu ziren orientazioei buruzko gure eliz bizitzako oinarriak berresteko. Kontzilioko batzar nagusi hartan, lehenik Joan XXIII.a, eta ondoren Paulo VI.a buru zela finkatu ziren batasun­‑oinarriak oso zabalak eta sendoak dira: abiapuntutzat dugun Eliz eredua (“Lumen Gentium”); Elizak munduarekin izan behar duen harremanari buruzko gure ikuspegia (“Gaudium et Spes”); Jainkoarengana hurbiltzen gaituen Liturgia Santuaz dugun ikuskera (“Sacrosanctum Concilium”); Errebelazio­‑iturriei buruzko gure ulerpena (“Dei Verbum”); defendatzen dugun apaiz­‑eredua (“Presbyterorum Ordinis”); Elizaren misio­‑ekintza (“Ad Gentes”) eta abarrek Vatikano II.a Kontzi-lioan dituzte erroak, Eliza unibertsalaren biziarentzat eta bereziki gure tokiko Elizarentzat benetako sustrai direnak.

Bestetik, eta aldi berean, 2012. urtean ospatzen dugu Kontzilio osteko eliz bizitzaren irakaspeneko obrarik luzeena aldarrikatu zeneko 20. urteurrena: Eliza Katolikoaren Dotrina Nagusiarena. Trentoko Kontzilioak San Pio V.aren Eliza Katolikoaren Dotrina Nagusiaren aldarrikapen (Catecismo Tridentino) emaitza ekarri zuen bezala, eta modu berean, Vatikano I.a Kontzilioak San Pio X.aren Dotrina Nagusia, Vatikano II.a Kontzilioak Eliza Katolikoaren Doktrina Nagusia argitaratu zuen. Sekulako obra hau, gure fedearen laburpen bat da; hau da, Vatikano II.a Kontzilioaren ekarpen guztiak abiapuntutzat hartuta[2], gure Elizaren fedea katekesi mailan formulatzeko izugarrizko ahaleginez egin den obra.

Kontzilioa amaiturik hogei urte betetzen zirela­‑eta, 1985ean, Joan Paulo II.a Aita Santuak Sinodo berezi baterako deia egin zuen. Bertako ondorio nagusien artetik nabarmendu zen eskabidea, Sinodoko ia apaiz guztien aldetiko proposamena: Dotrina Nagusi bat idaztekoa. Dotrina horrek jaso beharko zuen fedeari eta moralari zegokion dotrina katoliko osoa, non dotrina txiki guztien erreferentea izango zen. Mundu guztiko gotzainen parte­‑hartzearekin egindako idatzizko lana 1992an argitaratu zen, ordura arte luzatu baitzen.

Horregatik, Eliza Katolikoaren Dotrina Nagusiari harrera pozgarria egitea da kontzilioko dokumentuak egoki ulertzeko bermerik ziurrena, biltzar hura adoretu zuen “espirituaren” eta ontzat eman ziren dokumentuetako “letraren” arteko irakurketa integratzailea eginez. Bereziki argitsua eta profetikoa izan da gaur egungo gure Benedikto XVI.a Aita Santuak egin duen bereizkuntza (Vatikano II.a Kontzilioan aditu gisa jardun zuen, eta Fedearen Irakasbiderako Kongregazioan, berriz, Presidente gisa, Dotrina Nagusia egiten); hain zuzen ere, Kontzilioa irakurtzeko eta interpretatzeko izan behar den hermeneutikari buruz. Erromako kuriaren aurrean, 2005eko abenduaren 22an, eman zuen diskurtso historikoan, Aita Santuak hitz egin zuen Vatikano II.a Kontzilioa “hausturazko” hermeneutika batez interpretatzeko zegoen arriskuaz, “erreformazko” hermeneutika zuzen batez –egiaz Kontzilio hau bultzatu zuen “espiritua” eta “letra” den erreforma gisa– interpretatu beharrean.

Eliza Ebanjelioaren Zerbitzura” dokumentua erreferentzia­‑puntu sendo bat da Gipuzkoako gure gaurko Elizarentzat eta harekin uztartu nahi dugu oraingo Bosturteko Pastoral Egitasmoa. Izan ere, “Eliza Ebanjelioaren Zerbitzura” dokumentua da pastoral zereginean gure elizbarrutiko Elizak azken hamabi urteetan abian jarritako ibilbide nekaezinaren eragile eta ispilu: Espirituaren eraberritze eta Ebanjelioaren zerbitzura irekitako estiloa sustatuz; jokabideetan gertutasunean eta harreran saiatuz; senide­‑elkartasunaren aldeko bakegintzan jardunez eta sufritzen dutenei lagunduz. Hitz batean, bera da inoiz gainditutzat eman ezingo dugun abiapuntua, eta etengabe heldu beharko dioguna, irakaspen ebanjelikoen oinarrietan elikatzen baita.

2.- KRISIALDI BATEN DIAGNOSIA

Elizbarrutiko Pastoral Egitasmo bat prestatu aurretik, beharrezkoa da gogoeta egitea, zein testuingurutarako landu den eta erantzun nahi dien egoerak zein diren jakiteko. Sakonera jotzeko asmorik gabe, komenigarria iruditu zait, elizbarrutiko Artzain naizen aldetik, sumatzen ditudan funtsezko hautemateak agertzea, horietatik sortuko baitira gerora azalduko diren intuizio pastoralak.

Gaur egun proba latz batean murgildurik dago fede katolikoaren ondarea, gure herri­‑eraketaren hasieratik bertatik iritsi zaiguna, gure historiak izan duen onena azkartu eta bere identitate, duintasun eta itxaropenaren iturburu izan den ondarea. Haren ekarpena ezinbestekoa izan da gure tradizioentzat eta kulturarentzat; elikagai izan du gure santu handien testigantza; munduko hainbat herriren zerbitzuan jardun duten misiolari ugariren irekitasun eta arta katolikoa kanporatu du; bete­‑betean txertatu da gure tradizioetan, eta abar. Alabaina, bistakoa da ondareari mailaz mailako gainbehera gertatu zaiola, gure kultura estandarizatu eta globalizatu den neurrian.

Mendebaldean Elizak, oro har, eta gure Elizbarrutikoak, bereziki, bizi duen aldia, benetan une larria da. Azken hamarkadetan, latz eragin dion fenomeno bat, sekularizazio­‑prozesu bat[3] pairatu du gure kulturak, gure herriaren erlijio­‑kontzientzia funtsean aldatzeraino. Eta garrantzitsua da aitortzea sekularizazio­‑prozesu hori ez dela guregandik at gertatzen soilik, baizik eta eragiten digula Elizaren barne­‑bizitzan ere

Sinplifikatzeko arriskuak arrisku, sekularizazioak gure gizartean izan dituen eragin negatiboen ondorioak laburbiltzen ausartuko naiz “lau zaurietan”, hona hemen: transzendentziarik gabeko materialismoa, arinkeriazko kultura, erlatibismoa eta laizismo antiklerikala.

2.1.- Transzendentziarik gabeko materialismoa. “Erlijioa herriaren opioa da” zioen harako tesi marxista hura gezurra dela frogaturik geratu da. Alderantzizkoa, bai, gertatu da, herri askok sentitu dute gizatasun gabeko diktaduretatik askatzeko deia –esaterako, Ekialdeko Europan, Hego Amerikan–beren duintasuna eta indarra aurkitu duten erlijio­‑identitatetik abiaturik. Hala ere, gure kristau­‑sustraien galeran daramagun prozesu lasterra ikusita, esan daiteke: “materialismoa gertatu da herriaren opioa”. Hala da, eta argi geratu da mendebaldeko kulturan izugarrizko eragina duela kontsumismoak, edukitzearen neurrigabeko lehiak eta dirua gurtzeak gure, eta ondorioz kristau­‑sinesteak (uste sendoak) goitik behera jauzi dira, egiazkoak baino itxurazkoagoak zirela erakutsiz.

2.2.- Arinkeriazko edo azalkeriazko kultura. Sustatzen den aisia­‑motan nabarmentzen da arinkeria, eta suntsitzaile gertatzen da maiz. Nahikoa da frogatzea zein diren entzulerian arrakasta handiena duten telebistako produktuak, nahiz estetikako ereduak; baina bereziki, sexualitatearen bizipena gozamen hutserako baliabide gisa nagusitzen ikustea, maitasun­‑bokaziorako Jainkoak egin digun deia alde batera utzita. Pansexualismoa[4] da arinkeriazko kulturaren adierazpenik markatuena.

2.3.- Erlatibismoa. Benedikto XVI.a Aita Santuak bere aitasantutzaldiaren hasieratik izan du berezitasun bat: kultura garaikidearekin harreman kritikoa izateko aparteko gaitasuna eta, horrez gain, askatasun profetikoa. Berretsi egiten du Aita Santuak Jainkoa ahazteak eta ukatzeak humanismoaren aurkako ideologien hedapena ekarri duela, hau da, kristau­‑antropologiaren aurka daudenena. Nahiz eta egia den postulatu erlatibistak hasiera tolerantziaren eta pluralismoaren ikur gisa hedatu zirela, hala ere, nagusi izatera iritsi zirenean, beren “zapalgailu” partikularra, “pentsamendu bakarrarena” jarri zuten abian; hain zuzen ere, Aita Santuak “erlatibismoaren diktadura” gisa izendatu zuena.

Erlatibismoaren elikagaia da nihilismo kutsuko filosofia, eta edozein egia objektibo ukatzen du, izatearen azken arrazoia den Jainkoa ukatzearen edo ahaztearen ondorio praktikoren bidez. Egia objektibo batean sinesten deneko baieztapena bera susmopean jartzen da, tolerantzia ezaren edo fundamentalismoaren hazi izan daitekeelakoan.

Ideologia erlatibistek alor hauei eragiten diete gehien: bizitzari, familiari, heziketari eta sexualitateari. Joan Paulo II.a oso argia izan zen bere diagnosian, II. Munduko Familien Topaketako gotzain eta biltzarkideen aurrean: “Familiaren eta biziaren inguruan egiten da gaur giza duintasunaren funtsezko borroka” (Rio de Janeiron, 1977ko urriaren 3an).

2.4.- Laizismo antiklerikala. Hau ez da kontu berria gure artean, sustrai sakonak baitu historian. Baina, egia da, azken urte hauetan, artifizialki eta garaiz kanpo, eta interesatuki xaxatu izan dela, batez ere, eraginik handiena dute komunikabideen aldetik. Aita Santuarekiko eta Elizaren hierarkiarekiko asmo gaiztoa inokulatu izan da etengabe, eta horretarako, sarritan manipulatzen eta zabaltzen dira Elizaren baitako barne­‑arazoak.

Horrekin batera, gogora dezagun, garrantzizkoa baita, Benedikto XVI.a Aita Santuak profetikoki nola azpimarratu duen hainbat egoeratan, oker gaudela Elizaren etsairik nagusienak gure baitatik kanpo ditugula pentsatzean. Ezta hurrik eman ere, Elizaren arerio nagusia geure baitan daukagu, eta ez da gure santutasun­‑eza baino. Hain zuzen ere, laizismo antiklerikalaren diagnosia gure kulturan daukagu eta ez da defentsako ezkutu gisa erabili behar, barne garbikuntzan dugun zereginetik salbuesteko.

3.- JARRAIBIDEAK SENDABIDERANTZ

Gure kulturan sekularizazioak duen eraginari buruzko epai kritiko hau egiteak ez du haatik esan nahi gure gizarte eta gure aldiari hoztasunez edo mesfidantzaz begiratzen diogunik, muin­‑muinetik loturik baikaude beraiekin. Bene­‑benetan uste dugu gure Elizak garbikuntza­‑aldi eta grazia aldi bat bizi duela krisialdi honen erdian. Sekularizazioaren eragin sarkorrak ez du gelditu eta ez du gelditzerik lortuko gure artean Erreinuaren eraikuntzan aurrera doan Espiritu Santuaren ekintza bizigarria.

Irmoki sinesten dugu Parakletoa edo Espiritu Santua atergabe ari dela Kristoren Erospena aurrera daramaten, hau da, gorago aipatu eta gizateriari eta Jainkoaren bihotzari berari halako sufrimendua eragiten dioten “lau zauri” horien sendakuntzan. Sinesten dugu Nazareteko Jesus, guregatik gizon egin zen Jainkoaren Semea, aldi eta garai guztietako gizon­‑emakumeen zorion­‑egarriaren erantzuna izan dela, gaur ere badela eta aurrera ere izango dela.

Dena den, nola ahantz dezakegu Jainkoaren erreinua guganaino iritsi dela egia bada, aldi berean, gure bihozberritze pertsonala eta lankidetza eskuzabala beharrezkoa duela, modu egonkor eta ugalkor batean finkatzekotan? Donostiako Elizbarrutian ibilian dabilen Eliza Katolikoak gogotsu aldarrikatzen du: “Maranatha, zatoz Jesus Jauna!” (Ap 22,20).

Gure Pastoral Egitasmoa garaien zantzuei adi egotean datza, hau da, Espirituak bere Elizan eta gizartean duen presentziari so, eta ezin daiteke bestela izan; halako moldez, non gure indar guztiak haren obra santutzailearen zerbitzura jarriko ditugun. Apaltasunez eta haren argira gehiago ireki behar dugulako kontzientzian, gure artean Espiritu Santuaren eragin ezkutukoa –eta ez hain ezkutukoa– ezagutzera iritsiko bagara, ekin diezaiogun sekularizazioak sortutako lau zaurietan nola jarduten duen azpimarratzeari:

3.1.- Materialismoaren aurrean, karitatea. Esperientziak esaten digu materialismoak ez duela gizakiaren bihotza asetzen, eta asko dira zorionaren iturburua balio espiritualetan bilatzen dutenak (nahiz eta balio horiei batzuek oraindik ez duten “aurpegia jartzerik” lortu). Jesusek Satanasen tentaldi materialistari ematen dion erantzunak garai guztietarako balio du: “Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu” (Mt 4,10).

Materialismoa ez da gainditzen, gizakiaren bihotza Jainkoarenganako maitasunera biltzen den heinean baizik; bestela, gizakiaren bihotzak bere askatasuna galtzen du, makina bat esklabotzetan kateaturik. Aldi berean, materialismoa ez da gainditzen gizakiaren bihotza beretzat erdigunetik ateratzen den neurrian baizik; hau da, den guztiaren erdigune izateari utzi eta, karitatea eginez, lagun hurkoarengana irekiz baizik.

Gure gizartean –baita fededun ez direnen artean ere– kultura materialistak asperdura handi bat sortzen duela antzematen da. Bada asaldura santuz egiten den deiadar bat, gizakia bera “denagatik” baino gehiago “daukanagatik” balioesteko joeraren aurka. Gizon­‑emakume askoren bihotzean bizirik dago Jainkoa ezagutzeko desioa, eta haiengan haziz doa justiziaren alde eta ahulenen sustapenean jarduteko gogoa. Zantzu hauetan Espiritu Santuaren ekintza kontsolatzailea aurkitzen dugu, eta sumatu ere sumatzen ditugu Erreinuaren etorrerako arrastoak.

3.2.- Arinkeriaren aurrean, kristau­‑heldutasuna. Materialismoa eta arinkeria negatiboki epaitzen baditugu ere, ez dezagun ahantz horren atzean ezkutatzen dela zentzugabekeria, tristezia eta barruko hustasuna berdintzeko ahalegin inkontziente eta etsia. Baina, kontua da arinkeriak poztasun artifizialera jotzen duela sarri eta baztertu egiten dituela gizakiaren bihotza aztoratzen duten galdera nagusiak.

Espiritu Santuaren ekintzari esker, gero eta orokorragoa da “arinkeriaren kultura” deritzanak barruan daukan hustasunaren kontzientzia, eta, halaber, existentziaren benetako zentzuan oinarrituriko zorion betea eta egiazkoa bilatzekoa, eta ez errealitatetik ihes eginez lortutakoa.

Kristogan eraikitako “gizaki berriaren” ereduak (ikus Kol 3,10) ez du inolako zerikusirik espiritualitate goibel batekin, ezta umore­‑senaren gabeziarekin ere; baina, aldi berean, ez du zerikusik bizitza serio hartzen ez dutenen arinkeria eta azalkeriarako joerarekin ere.

Apostoluen Aholkuen “Verbum Domini” lanaren 123. zenbakian hau berresten zuen Benedikto XVI.ak: “Esanezinezko dohaina da poza, munduak eman ezin dezakeena. Festak antola daitezke, ez, ordea, poza. Idazteunaren arabera, Espiritu Santuaren emaitza da poza (ikus Ga 5,22). Hortaz, hona hemen gure Pastoral Ekintzaren erronka nagusia: giza heldutasunean (komunikazioa, afektibitatea, sexualitatea, giza maitasuna, epai kritikoa eta abar) eta kristau heldutasunean heztea (bertute teologalek argituriko bertute moralak), eta gizarte mailako harreman pozgarri eta konprometituak sustatzea.

Irmoki sinesten dugu kristau­‑poztasuna, Jesu Kristok ematen digun itxaropenean sustraiturikoa, munduaren aurrean benetako testigantza ez ezik, lagun hurkoari eman diezaiokegun “eskupeko” preziatuena ere badela.

3.3.- Erlatibismoren aurrean, Egiaganako fede apala. Erlatibismoa ez da gure garaiko asmakizuna… Pilatok Jesu Kristori eszeptikoki galdetu zionean “Egia, zer da egia?” (Jn 18,38), Jesu Kristori harengan Jainko biziaren Semea ezagutu gabe begiratzen diotenen irudi bilakatu zen.

Gure garaiotan, fededun eta fedegabe izatearen muga, agian, ez dago jada Jainkorik badenaren ala ez denaren aitorpenean edo ukazioan. Gaur egun, beharbada, sinestearen eta sinesgogortasunaren funtsezko banalerroa Jainkoaren errebelazioa onartzean edo ukatzean datza. Erlatibismoa espiritualitate “subjektiboren” amore­‑emailea da, hots, hala, gizakiak berak sortzen du Jainkoaren irudia, baina sistematikoki gogor egiten dio Jainko betiereko eta ahalguztidunak errebelatzeko hautatu duen bide historiko zehatz baten gertakariari, lehenik Israelgo herriarengan, eta geroago, garaia bete zenean, Jesu Kristorengan eman zenari.

Gutako bakoitza gaude deituak Idazteunaren eta Eliz Tradizioaren bidez transmititu zaigun Jainkoaren errebelazioa onartzera eta zabaltzera. Jainkoak bere aurpegia erakutsi, eta bere borondatea azaldu digu, erruki hutsez mundu guztiaren aurrean errebelazio honen hartzaile eta testigu aukeratu gaituelarik, aldi berean.

Jainkoaren Hitza eramatera deituak gaude, haren errebelazioko haziren bat jasoa duen arren, Eliza Katolikoa gordetzaile duen errebelazio osoaren behar gorrian dagoen mundura. Ez gara aldarrikatzen dugun mezuaren jabe, baizik eta Jainkoaren baliabide, hura munduaren aurrean aldarrikatzeko. Beraz, apalki aitortzen dugu Kristo dela Bidea, Egia, Bizia (ikus Jn 14,6).

3.4.- Laizismoaren eta hoztasunaren aurrean, maitasuna Elizari. “Kristo bai, Eliza ez” postulatuaren aurrean baieztatzen dugu aldi berean santua eta bekataria den Eliza Katoliko hau dela Kristok eratu zuen Eliza eta bere baitan daudela Nazareteko Jesusek apostoluei agindu zizkien graziazko baliabide guztiak osotasunean.

Kontziente gara Eliza osatzen dugunon bekatuek zauriak sortuko zituztela fededunen eta fedegabeen bihotzetan, eta horiexek dira zuzendu, konpondu eta sendatu behar ditugunak. Baina, horrekin batera sinesten dugu gaurko Elizan –eta historian zeharreko Elizan– badirela testigu argitsuak, Jainkoaren bila dabiltzanei sinesten laguntzen dietenak.

Zein dira, bada, kultura laizista eta antiklerikal baten erdian fedea bizitzeko eta haren berri emateko jarrerak? Era askotakoak dira; baina nabarmentzekoak: bizitza koherentea, pazientzia eta apaltasuna; ausardia eta sendotasuna; prestaketa egokia, besteak beste… eta berezi­‑bereziki, Elizarenganako maitasun sakon eta egiazkoa.

Zenbait alditan konturatzen gara, laizismo antiklerikalaren atzean aurkitzen ditugun egoera zehatzak direla fedea edo Eliza ukatzea ekarri dutenak; baina, askotan ohartzen gara asmo txar hori egiazkoa baino birtualagoa dela, hau da, Elizari buruz kritikarik gabe egindako legenda beltzen transmisioak eragindakoa. Nolanahi ere, laizismo antiklerikalaren atzean, gabezia sumatzen da, Nazareteko Jesusenganako, Elizako Gurasoek askotan hitz egin duten “Kristo osoaren” misterioarenganako fede sendo eta heldua: “Gure Erosleak pertsona bakar bat osatzen du Elizarekin” (San Gregorio Handia).

Eliza maitatu gabe Kristo maitatu ezin dugun bezalaxe, Kristo maitatu gabe ezin Eliza maitatu. Horretarako, beharrezkoa da Elizaren misteriora fede begiradaz gerturatzea, harengan batzar soil edo giza erakunde huts bat baino gehiago ikustea; harengan munduan Jainkoaren presentzia luzatzen duen “Jainkoaren Sakramentua” aurkituz.

4.- GURE ERRONKARIK BEHINENA: ELIZAELKARTASUN ETXE ETA ESKOLA BILAKATZEA

Jarrera zehatz batzuk iradoki nahi nituzke, hastera goazen etapa berri honetan, bakoitzak bakarka –eta agian baita elkarte mailan ere –lantzen ahalegindu beharko genituzkeen jarrerak, alegia.

4.1.- Barruko batasuna eliz elkartean. Beharrezkoa dugu Eliza, eliza izateaz gain, batasunerako etxe eta eskola ere izango dena. Agerian dago gure elizbarrutiko Elizan barneko batasuna dela aurre egin beharko erronka nagusienetako bat, Donostiako gotzain izateko nire izendapenaren inguruan, komunikabideen aldetik neurrigabeki bizitutako hainbat gertakarik agerian utzi duten bezala.

Batasun falta oztopoa da, gure pastoraltzako ahalegin asko antzutasunera eraman ditzakeen oztopoa. Horregatik, guztiz garrantzitsua da Kristoren batasun­‑deiari erantzutea: “Aita, guztiak bat izan daitezela. Horrela munduak sinetsiko du zuk bidali nauzula” (Jn 17,21). Benetan uste dut egiazko batasunak, Espiritu Santuarengandik sortzen denak, ez dituela ezerezten Elizaren baitatik sortzen diren karisma anitz eta aberatsak, alderantziz baizik. Baina, aldi berean, bistakoa da gure arteko hoztasuna sendatu gabe, eskuraezina gertatzen dela batasunaren dohaina. Eta honekin ez gara batasun abstraktu batez mintza, baizik eta batasun zehatzaz, Elizan batasun­‑ministerioa agindu zaien haiengan agerian ikusten den hartaz: parrokia­‑elkartearen eta erretorearen artekoa, elizbarrutiko elkartearen eta gotzainaren artekoa, elkarte katolikoaren eta Aita Santuaren artekoa. Hasierako Elizan eta Ebanjelioetan islatzen den ideala –“Begira nola maite duten elkar!”– erronka handi bat da Eliza unibertsalarentzat eta, batez ere, gure Eliza partikularrarentzat.

4.2.- Bihozberritzea. Norberaren bihozberritzea da batasunera iristeko egin dezakegun ekarpenik handiena. Oso oker genbilzke batasuna faltaren arrazoirik nagusiena ideologia mailakoa dela pentsatuko bagenu. Hori garrantzitsua izanik ere, berez, funtsezkoena eta oinarrizkoena norberaren bihozberritzea da: “gizon zaharra”, grinazkoa, eranzten dugunean; Jainkoaren eta lagun hurkoaren maitasunagatik geure buruari uko egiteko prest gaudenean; besteen zerbitzu apalean azken postuan jartzeko azkar jokatzean… orduan dago, eta orduan baino ez, batasuna gure eskumenean. Egia bada maitatzeko aurretik ezagutzea ezinbestekoa dela, agian, are egiazkoagoa da ezagutu ahal izateko derrigorrezkoa dela maitatzea.

Sinplifikatzeko arriskurik gabe, oraintxe esandakoa laburbiltzen ausartuko naiz: zenbat eta santuago, orduan eta batasun estuagoa (Kristorengan batasuna handiagoa dugulako); eta alderantziz, zenbat eta santutasun gutxiago, orduan eta hoztasun eta batasun eza handiagoa (zatitzen eta elkarren aurka jartzen duten ideologiekin gehiago identifikatzen garelako).

Ez gara hasiko orain xeheki azaltzen zein diren bihozberritzeko baliabide beharrezkoak, zeren eta Elizak oroitaraziko baitizkigu Urte Liturgikoan zehar: otoitza, karitatezko obrak, penitentzia eta sakrifizioak, Eukaristiaren eta adiskidetzearen sakramentuak eta abar.

4.3.- Topaketa eta elkarrizketa. Donostiako elizbarrutia osatzen dugunon bihozberritze pertsonalaz gain, garrantzi handikoa da elkarren arteko topaketak eta elkarrizketak bilatze, batasunerako bidea eginaz. Esperientziak erakusten digu, gure Elizbarrutiko katolikoen artean desadostasun nabarmenak ditugun arren, askoz gehiago direla batzen gaituzten alderdiak, banantzen gaituztenak baino. Topaketa pertsonalak dira horren lekuko.

Alabaina, badira gainditzen ikasi beharko ditugun elementu desorekagile oso nabarmenak. Komunikabide batzuetatik jasotzen diren Elizaren bizitzari dagozkion pertzepzio deformatuei buruz ari naiz, bereziki, erlijio­‑alorreko informazioan adituak diren Interneteko zenbait orrialdeetatik eta idatzizko beste bideetatik eliz bizitzarako elikagai toxiko diren polemika, isurtze anonimoak, ausarkeriazko epaiak, erresuminak, asmo txarrei eta abarri buruz.

Elizan baditugu barne­‑komunikaziorako bideak eta haietaz baliatuz komunika gaitezke eta komunikatu behar dugu, eliz bizitzaren irudi morboso eta negatiboak erabiltzeko biderik eman gabe, hainbat komunikabide laizista eta antiklerikal joerakori.

Horregatik, datozen urteetan bilerak egiteko prest nago eta hartan saiatuko naiz batez ere; hain zuzen ere, pertsonalki nahiz elkarte mailan iritzi­‑trukaketa gertuko eta irekiak egiten, elkar entzuteko beldurrik gabe, gertutik elkar ezagutzeko… Elizbarrutiko Pastoral Egitasmoaren sarrerako go-goeta hauek berak abiapuntu egokia izan daitezke gure bileretarako.

Kontziente gara, hala ere, elkarrizketa teologiko­‑pastorala ezin interpreta daitekeela negoziaketa modu gisa. Fede katolikoa ezin daiteke gure aukera guztien arteko balizko “izendatzaile komun” baten ondorio izan eta ez du izan behar, izan ere, fede­‑gordailua Elizaren Tradizioak gure esku utzi du, eta guri dagokigu jasotzea, bizitzea eta leialki transmititzea. Baina, argi dago sarritan egindako elkarrizketak eta bilerak lagungarri izango direla gure pertzepzioak azaltzeko eta ulertzeko; hala iritsi baikaitezke konplexu zirudiena erraz ulertzera. Beraz, uste sendoa dugu Kristorengana pertsonal mailan nahiz elkarte mailan bihurtzearekin batera, baldin eta gure arteko elkarrizketak eta bilerak egiten baditugu, benetako elkartasun bidean abiatuko garela.

Bedeinka gaitzala eskatzen diogu Espiritu Santuari, Eliza “elkartasunezko etxe eta eskola” bilakatzeko gai izan gaitezen.

5.- KONTZIENTE ETA ERAGINKOR GURE GIZARTEKO ERRONKEN AURREAN

Testuinguruz Elizakoa izateaz gain, Pastoral Egitasmo hau baldintza oso berezietan jaio da:

5.1.- Krisialdi ekonomikoaren luzapena gure artean. Garrantzitsua litzateke Elizaren Irakasbide Soziala sakonetik aztertzea. Iruñea­‑Tutera, Bilbo, Gasteiz eta Donostiako gotzainok idazki bat idatzi genuen 2011ko Garizuman “Ekonomia pertsonen zerbitzura” izenburupean. Hala, ekarpen txiki bat egin nahi izan genuen, krisialdia gainditzea parez parekoa gerta zedin, ondasun materialekin eta gure bizi­‑estiloarekin zerikusia izan zezaketen irizpide moral askoren ikuskatze sakonarekin.

Idazki Pastoralean eskatzen zen bezala, bat egin nahi dugu kristauok krisialdi hau gehien nozitzen dutenekin; immigranteekin, lehen lanpostura iristeko zailtasuna duten gazteekin, adin handiko langabetuekin eta abar. Hala, Elizak aholkua luzatzen die gizarte­‑eragile, erakunde, administrazio publiko eta borondate oneko pertsona guztiei, jarrai dezatela krisialditik irteteko modu bateratu eta elkartasunezko bat bilatzen; gure gizartearen garapenerako oinarri etiko tinkoak eraiki; lanpostu duinak sustatu, eta ahalegin daitezela ahulenak eta zigortuenak defendatzen, gizarte­‑justiziaren eskakizun eta froga moduan.

5.2.- Behin betiko bakearen itxaropena. Modu berezian elkartzen gara ETAko terrorista taldea behin betiko deuseztatzearen aldarria egiten dutenekin. Sufritzen dauden biktimei lagun egitera deituak sentitzen gara, eta Ebanjelioa eskaintzen dugu denen kontsolagarri eta sendagai gisa. Gure ustez, bakegintzan Elizak egin dezakeen ekarpenik handiena adiskidetzeko bitartekari izatea da Jainkoarekin eta senideekin, nahiz norbera bere buruarekin.

Gauzak horrela, politikoek topaguneak bilatzen ahalegindu beharko dute, hala ere, gure ustez bakea ez daiteke itun politiko hutsetatik jaio, baizik eta bihotzez berritzea ezinbestekoa du, nahitaezko eta funtsezko urrats: bihozberritzerik gabe ez dago adiskidetzerik, eta adiskidetzerik gabe ez da inoiz benetako bakerik iritsiko. Elizak bakearen alde otoitz egiten du, eta gure herria osatzen dugun guztion zerbitzura, oraingo eta hemengo baliabide izatera konprometitzen da

5.3.- Oihu bat Hirugarren Mundutik. Indarrik handienaz agertzen zaigu karitaterako deia, batez ere Hirugarren Munduko behartsuen garrasi lazgarrian. Idazki Pastoral hau idazten ari naizen unean, etengabe iristen dira gugana gosete izugarri baten zigorpean dagoen Somaliako herriari buruzko albisteak. Ez izan zalantzarik, hemengo eta hango larrialdiei guk emandako erantzuna izango da gure kristau izatearen benetakotasun­‑froga. Behartsuen deiadarra Jainkoak guri geurekoikeria eta nartzizismoa sendatzeko eta funtsezkora biltzeko egiten digun deiaren alderdi bat da.

5.4.- “Biziaren aldeko kultura baten” alde. Karitaterako deia giza biziaren defentsan ere agertzen zaigu, hau da, sortze beretik heriotza naturalera bitarteko biziarena. Kristauak ezin du, ikusmolde materialistaren aldetiko giza biziaren manipulazioa ikusita, altxatu gabe gelditu inola ere. Ezin gaitezke jarri jaio aurretiko gizakiaren gupidagabeko suntsipenera. Errugabeen oihua Jainkoarengana iristen da, eta “biziaren aldeko” konpromiso argi eta garbia eskatzen digu, sasiprogresismo batean ezkutaturik hedatzen den “herioaren kultura” baten aurrean.

5.5.- Familia egonkor baten alde. Aurre egin beharreko zorigaitz eta erronka handienetako bat dugu familiaren krisia eta ezkontza­‑hausturen kopuru larria ere. Gizakiaren heldutasuna, hein handi batean, familiaren egonkortasunean elikatzen da. Jainkoak maitasunean bat egiteko sortu gaitu, hortaz, honek huts egiten badu, balantza egiten dute gure zorion­‑oinarriek. Eliza, oro har, eta bereziki gutako bakoitza testigu izatera deituak gara, hala nola, kristau­‑maitasunak ez duela iraungitze­‑datarik, alderantziz baizik, baduela gaitasun gure bizitza maitasun eskuzabalaren eskaintza bilakatzeko, gurutzeak besarkatu, eta, aldi berean, gure existentziako poztasun handi nahiz txikiak gozatuz.

6. “Etxea Jaunak eraikitzen ez badu” (Sal 126)

Pastoral Egitasmo baten arrakasta, niri dagokidanez bederen, lau eragileren konbinaketan datza: ardura apostolikoa, ebanjelizatzaileen arteko elkartasuna eta estimua, garaien zantzuen bereizketa asmatua, eta otoitza eta graziazko bideen bermea.

Ez da nire asmoa orain lau puntu horien argibideetan abiatzea, hurreratu baikara, gutxi­‑asko, honako Pastoral Egitasmo honetan horietara. Baina bukaerako lerro hauetan, garrantzi berezia duela deritzot laugarren puntua azpimarratzeak: “Etxea Jaunak eraikitzen ez badu, alferrik ari dira etxegileak. Hiria Jaunak zaintzen ez badu, alferrik daude erne hirizainak…” (Sal 126).

Pastoral Egitasmo hau aurrera eramateko aukeratutako baliabideen artean, Donostiako parrokia batean egingo den Etengabeko Adorazioa nabarmentzen da. Han, etengabe gurtuko da Jauna Eukaristian. Horrez gain, gure nahia da otoitz­‑leku hau izan dadila harrera­‑leku eta entzute­‑leku, Jainkoaren bila dabiltzanentzat. Pastoraltzako beste baliabide guztien artean, honek nabarmentzen du, ikur gisa, Jesu Kristo erdigune dela Elizbarrutiko bizitzan. Funtsean ebanjelizazio­‑lanak “Kristozentrikoa” izan behar du. Jesusi jarraitu nahi diogu edo, areago, Pastoral Idazki honentzat hautatutako izenean adierazten den bezala, apalak eta saiatuak izatea dugu xede, Berak gida gaitzan beraren jarraipenean.

Testuinguru honetan eta Pastoral Idaztiaren nahiz Pastoral Egitasmoaren izenburua hautatzeko baliatu dugun esparru moduan, Benedikto XVI.a Aita Santuak bere aitasantutzaren hasierako homilian esan zituen hitzak ekarri nahi nituzke gogora: “ Gobernatzeko nire benetako programa da nire nahia ez egitea, neure asmoei ez jarraitzea, baizik eta, eliza osoarekin batera, Jaunaren hitza eta borondatea entzutera jartzea eta Hari gida nazan uztea, gure historiako une honetan Bera izan dadin Elizaren gidari.

Bihotz­‑bihotzez eskertu nahi nieke Pastoral Egitasmo hau prestatzeko orduan elizbarrutiko Elizetako hainbat pertsona eta erakundek izan dute esku­‑hartze zabal eta arduratsua. Egia da gotzainarena dela eginkizun horren betebehar eta erantzukizuna, baina zuengandik jasotako laguntza balio handikoa izan da niretzat. Zuen ekarpenetan intuizio iragarleak nabaritu ditut, eta, zenbaitekin osoki identifikatu ez banaiz ere, baliagarri suertatu zaizkit Egitasmoaren azken emaitzak ñabartzeko.

Gure Elizbarrutiko Zaindaria den Arantzazuko Amaren egunean bukatu dut Pastoral Egitasmoaren idatzi hau, Zeruko Erregina dugunaren laguntza otoizka eskatuz: Santa Maria, Jesusen Ama eta Elizaren Ama egizu otoitz gure alde!

Donostia, 2011ko irailaren 9a

† José Ignacio Munilla
Donostiako Gotzaina

[1] «Eliza Ebanjelioaren Zerbitzura» dokumentutik hartutako aipu honen jatorria Paulo VI.a Aita Santuaren adierazpenean dago: «Elizak ebanjelizatzeko existitzen du«.

[2] Eliza Katolikoaren Dotrinak bere baitan jaso ditu Vatikano II.a Kontzilioaren testuetako milaren bat aipamen, Bibliako hiru milaren bat aipu, Eliz Gurasoen eta ondorengo santuen ezin konta ahalako zehar­‑esan, testu liturgikoetako ehunka erreferentzia, eta Vatikano II.aren aurreko eta ondorengo irakaspenezko argibide ugari.

[3] Sekularizazio hitzarekin zer ulertzen dugun argitzeko, Benedikto XVI.a Aita Santuak, 2008ko martxoaren 8an, Kulturaren Kontseilu Pontifikalari zuzendutako hitz batzuk ekarriko ditut gogora: “Atsegin zait, Kulturaren Kontseilu Pontifikalaren Osoko Biltzarra dela­‑eta, zuekin biltzea, eta asko pozten nau egiten duzuen lanak eta, bereziki, gaurko saiorako aukeratu den gaiak: «Eliza eta sekularizazioaren erronka». Funtsezko arazo bat da hau gizateriaren eta Elizaren etorkizunerako. Sekularizazioa sarritan honen esanahi positiboa baztertu eta sekularismo bilakatzen dena proba latz bat izaten da fededunen eta artzainen kristau­‑bizitzan, eta zuek zuen lanetan probidentziazko erronka gisa ulertu eta eraldatu duzue, gure garaikidea den gizakiaren galdera eta itxaropenei erantzun sinesgarriak proposatzeko. Sekularizazioak, kulturei Haraindikoaren inolako erreferentziarik ez duen munduaren eta gizateriaren planteamendu gisa agertzen zaienak, eguneroko bizitzako edozein alderdi inbaditzen du eta gure giza existentziatik eta kontzientziatik, guztiz nahiz zati batean, Jainkoak existitzen ez duen pentsaera garatzen du. Sekularizazio hori ez da fededunentzat kanpoan dagoen mehatxu bat soilik, baizik eta, aspalditik agertzen da Elizaren barruan. Kristau­‑fedeari sakoneko eta berezko izaera kentzen dio barrutik eta, ondorioz, baita fededunen eguneroko bizi­‑estiloa eta jokabidea ere. Munduan bizi dira eta sarritan irudiaren kulturak markatzen ditu –baldintzatzen ez baditu– Jainkoaren ukapen praktikoan kontraesaneko eredu eta joerak inposatuz: jada ez dago Jainkoaren beharrik, harengan pentsatu beharrik eta harengana itzuli beharrik. Gainera, nagusi den pentsaera hedonista eta kontsumitzaileak eliz bizitzarako hain kaltegarri denak, azalkeriazko nora ezean eta egozentrismora bultzatzen ditu fededunak nahiz artzainak.

Azken hamarkadetan, intelektual ugarik hots egindako «Jainkoaren heriotzak» gizabanakoaren gurtza antzuari lekua utzi dio. Kultur testuinguru horretan bada arrisku bat, espirituaren atrofian eta bihotz­‑hustasunean erortzekoa, hain justu, zenbaitetan erlijio­‑ordezko eta espiritualitate hutsal bateko partaidetzaren ezaugarri bereizgarria duenean.

Halako nora ezean, gero eta presazkoago agertzen zaigu, bizitzari zentzua emateaz gain, zorion bila dabilen giza bihotzaren egonezina baretu dezaketen existentziaren gorengo balioez oroitzea: gizakiaren duintasuna eta askatasuna, gizaki guztien arteko berdintasuna, bizitzaren eta heriotzaren zentzua, eta lurreko existentzia amaitu ondoren zain dugunarena (…)”

[4] Pansexualismotzat hartzen dugu gizartea sexualitatea obsesiboki ulertzeko modu batetan taxutzea, sexualitatea genitaletara murriztuz: azken batean, sexualitatea maitasunetik bereizi, kontsumorako baliabide bilakatzea.